Repsol

Zugarramurdi, sorginen herria


Zugarramurdiko udalerria Nafarroako Xareta eskualdean dago, Frantziarekiko mugatik kilometro gutxira. 250 biztanle eskas ditu, baina oso ezaguna da, bai inguratzen duten pinudi eta gaztainondo ikusgarriengatik, bai urak higatutako egundoko leizeagatik ere. Baina Zugarramurdiren ospea bertako berrogeita hamar bat biztanleren zoritxarrari zor zaio, XVII.mendean Inkisizioak sorginkeria egitea egotzi baitzien.

Zoritxarreko ametsa. 2007az geroztik, udalerrian museoa dago; bertan, sorginkeriaren historia kontatzen da, baita Inkisizioaren eromena ere, milaka errugabe sutan errez hil baitzituen bere doktrina hertsiarekin bat ez zetozelako. 1610. urtean Zugarramurdiko biztanle batek adierazi zuen zenbait herritarrek akelarre batean parte hartzen zutela ikusi zuela ametsetan. Pasadizoa besterik izan behar ez zuen istorioa Logroñoko Inkisizioaren belarrietara iritsi zen eta honek 53 herritar atxilotu zituen. Gehienak espetxean hil ziren eta 11 sutan erre zituzten. Nafarroako beste udalerri askotan ere antzeko gertaerak izan ziren. Sorginen Museoak bisita gidatuak antolatzen ditu herrian barrena eta partaidetza aktiboa du Sorginen Egunean, museoa abiarazi zenetik ospatzen den urteroko jaialdian. 

Leizea, isilpeko ohituren leku.  Orabidea errekak 120 metroko luzera eta 12 metroko altuera duen tunel naturala sortu du eta, ibilguaren gainean, bi galeria geratu dira. Multzoak Sorginen Leizea du izena. Erreferentzia esoterikoei jarraiki, barrunbe nagusiak Infernuko Erreka du izena. Leizeko giroak oroitzapenak dakarzkio bisitariari: estalaktitarik edo labar pinturarik izan ez arren, horren inguruko misterioaren xarma du. Izan ere, erritu paganoak eta medikuntza naturaleko saioak egiten ziren hemen, oso ohikoak herri kulturan eta onartuak gizartean, deabrukeriarekin lotu ziren arte. Areago, akelarre hitzak, deabruari laguntza eskatzeko zeremoniak izendatzeko erabiltzen zenak, Zugarramurdin du jatorria, haitzuloaren ondoan Akelarre (aker larre) izeneko belardia baitago. Beste ikuspegitik begiratuta, urtero, abuztuaren 18an, Zikiro Jatea egiten da, arkume errea protagonista duen jaialdi gastronomikoa. Zugarramurdi motz gelditu eta espeleologian murgildu nahi duenarentzat, Baztango bailarak horretarako egokiak diren leizeak ditu, esaterako, Ezkaldokoa. 

Etxetzar nobleak eta kontrabando bideak. Haitzuloak eta Sorginen Museoa bisitatzeaz gain, merezi du herritik ibiltzea eta herri arkitektura eta jauregi dotoreak (esaterako, Dutariokoa, indianoen etxeak gogorarazten dizkiguna) modu harrigarrian nola nahasten diren ikustea. Herriko eraikinik zaharrena Beretxea da, 1793ko sutearen ondoren zutik geratu zen bakarra izan baitzen. Sutea Frantziako Iraultzaren garaian soldadu frantziarrek piztu zuten, mugaren bi aldeei eragin zien Konbentzio edo Rosellóko Gerran. Gunearen beste alderdi xarmagarri bat bailaran dauden eta garai batean kontrabandistek erabili zituzten ibilbideak dira. Garrantzitsuena Zugarramurdiko leizeak Sara eta  Urdaxekoekin elkartzen dituena da. Ibilbidea, 12 km ingurukoa, ondo seinaleztatuta dago eta egokia da, halaber, haurrak dituzten familientzat. 

Iradokizun gastronomikoak.  Ehizakiek, arkume erreak edo perretxikoek, aparteko gaztekin batera, osatzen dute inguruko gastronomia eskaintza. Euskal Herriko eta Nafarroako jaki tipikoak dastatzeko aukera ona La Koska jatetxea da,  Urdaxen, Zugarramurditik 5 km-ra baino ez. Baina 2 km-ra, Frantziako lurretan,  Ithurria jatetxea dago, Repsol Eguzki bat duena. Plateretako batzuk piperrada (piperra, tomatea eta tipula oinarri), foie-gras edo Baionako urdaiazpikoa ditugu. Ardoen artean Frantziako ardoak dira nagusi, esaterako, Bordelekoa, baina baita Armagnaca ere.