Repsol

Sos del Rey Católico, Fernando erregearen jaioterria


Erdi Aroko kroniken arabera, Fernando II.a Aragoikoa Nafarroarekin mugakide den udalerri aragoiar txiki honetan jaio zen. Baina Sos, Errege Katolikoaren jaioterria izateaz haratago, harresiz inguratutako txokoa ere bada. 1968an multzo historiko deklaratu zuten eta bertan Erdi Aroa arnas daiteke. Zaragozako probintzian dago, Cinco Villas izeneko eskualdean, historian aberatsa eta ongi zaindutako inguruan.

Sos muino baten gainean dago; bizilagun den Nafarroa zelatatzen zen bertatik duela hainbat urte, XV. mendean gerra zibilean murgilduta zegoenean. Herria Fernando Katolikoa bertan jaio zelako da ospetsua, alegia, Aragoiko Koroako azken erregea, Gaztelako Erreinura batu baino lehenago. Goi mailako politikan zeuden konploten ondorioz jaio zen; telesail bateko argumentua dirudi: bere aita, Joan II.a Aragoikoa, tronua lortzeko lehian zegoen bere seme Karlosekin, alegia, Vianako Printzearekin, bere lehenengo emazte Nafarroako Blancarekin izandakoa. Horregatik Errege Katoliko izango zenaren amak, Juana Enriquezek, bere semea leku seguru batean izatea erabaki zuen, Aragoin, eta Sos herria aukeratu zuen, hain zuzen ere, erregeekin leial zen Sada familia noblea bizi zen tokia. 

Historian zehar. 

Harresiak eta herrira sartzeko zazpi sarrerek zutik jarraitzen dute guztiz. Herriko ondasunak azaldu baino lehenago, merezi du Soseko multzo arkitektonikoaren panorama zoragarria errepidetik ikustea. Herrira iristean, Zaragoza Atean has daiteke ibilbidea, bertatik hasten baita kale nagusia edo Fernando Katolikoaren kalea. Presarik gabe paseatu behar da etxetzarrak eta bertako xehetasun gotiko eta errenazentistak behar bezala ikusi ahal izateko. Bidean zehar Español de Niño jauregia aurkituko dugu, gerora biltzar jauregia izango dena. Ondoan, Sada Jauregia dago, erregearen jaiotetxea, eta egun interpretazio zentroa duena, Fernando Katolikoaren omenez. Zentroak bisita gidatuak antolatzen ditu udalerritik, asteazkenetik ostiralera 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara; hala ere, uda garaian egunero dago zabalik. Aurrez erreserbatu behar da. Herri gainean dagoen gaztelura iritsi baino lehenago, Erdi Aroko lonjarekin egingo dugu topo. Bertako zoruaren zati bat Soseko kartzela ohitik dator; bertan, Gerra Zibilean eta gerra ostean preso zeudenen idatziak ikus daitezke. 

Gotorlekuaren aurriak. 

Azkenik, gazteluak eta San Esteban elizak osatzen duten multzora iritsiko gara. Herriko muino batean dago, Peña Feliciana deritzon horretan hain zuzen ere. Gazteluaren kanpoaldea eta omenaldiaren dorrea ikus daitezke soilik, izan ere, eraikina erortzeko zorian baitago. San Esteban elizan, herriko eliza nagusian, Fernando Katolikoa bataiatu zen pontea dago. Barrualdean, arte sakratuaren museoa bisita daiteke, hainbat altxor artistiko ikusgai dituena, hala nola, mihise barrokoak, tailu gotikoak eta urregintzako pieza ugari. Harresidun eremutik kanpo Valentuñana monasterioa dago, Andre Mariaren agerraldi baten ostean eraikia; horregatik gordetzen da bertan haren tailu bat, XIII. mendekoa. 

Musika almenen artean. 

Urtean behin, herriko ondare izugarriak eta musika onak bat egiten dute Sosen. Hala gertatzen da Luna Lunera jaialdian. Uda oro antolatzen da eta eszenatoki pribilegiatu bat du horretarako: Lonjako Plaza. Jaialdian musikari ospetsuak biltzen dira, bai Espainiakoak, bai nazioartekoak. Aurreko edizioetan, besteak beste, musikari hauek jo dute: Paco de Lucía, Eli “Paperboy” Reed, Elvis Costello edo Jorge Drexler. 

Iradokizun gastronomikoak 

Fernando Katoliko kalean bertan La cocina del Principal jatetxea dago. XV. mendeko etxe batean dago eta giro atsegina du; zonaldeko plater tradizionalak dasta daitezke (esaterako, arkumea) jazz musika entzunez. Beste aukera bat, Nafarroatik gertu izanik, Xavier hirira gerturatzea da, 14 bat kilometrora, Hotel Xabierrera. Bertako sukaldaritzak garaiko produktuak ditu oinarri, arretaz prestatuak.